Erronkariko Gazta Eguna jarduera anitzekin itzuliko da



COVID-19ak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, Erronkariko Gazta Eguna berriz ospatuko da Erronkarin, zenbait egunetan banatutako jardueren egitarau zabalarekin.

Ekainaren 3an “La cañada de los roncaleses. Diario de un viaje a las Bardenas” dokumentala emanen da eta gazta dastaketa eginen da, eta gauean izarren behaketa izanen da. Ekainaren 10ean artzaintzaren, gaztaren eta lurraldearen inguruan atzoko eta gaurko esperientziei buruzko mahai-ingurua eginen da, bai eta gazta dastaketa ere.

Ekainaren 11 egun nagusia izanen da. 11:00etan ekitaldien hasiera eginen da Unai Laso pilotariarekin. Goizean 0 KMko produktuen azoka eta gazta eskuz egiteko erakustaldia izanen dira, eta zenbait tailer eskainiko dira: artilea jorratzeko eta erabiltzeko, txapelak egiteko, larrua lantzeko, xaboiak egiteko, bai eta haurrentzako tailer bat ere. Horrez gain, Erronkariko gaztaz egindako pintxoen ibilbidea eginen da herriko tabernetan, Arriortua fanfarrearen musikaz lagunduta.

13:30ean, Portazabalea plazan, transhumantziari omenaldia eta Erronkariko gazta dastaketa. Ondoren, herri-bazkaria izanen da; artzain-apurrak eta Nafarroako arkumea.

Arratsaldean, artzain-txakurren erakustaldia, haurrentzako beste tailer bat, Ttunttun eta jauzien dantzaldia eta erronda musikarekin.

Ekainaren 12an, igandean, 11:30ean, Pirinioetako harrapariak ezagutzeko ateraldi gidatu bat izanen da, eta herriko ondarea ezagutzeko bisita antzeztu bat 12:00etan.