Maria Chivite Nafarroako Presidenteak bost proiektu aintzatetsi zituen, joan den urriaren 3an, herritarren parte-hartzerako jardunbide onengatik, horien artean Erronkariko Udalak ibarreko eskola zaharretarako bultzatutakoa, belaunaldien arteko espazio bat sortzeko helburu duena. “Haurren inplikazioa eta despopulazio arazoak dituen lurralde batean kokatuta egotea” nabarmendu dira.

Parte-hartze prozesua 2020an eta 2021ean burutu zen. Zazpi herrietako pertsonek parte hartu zuten antolatutako tailerretan: haurrak, gazteak, helduak eta 65 urtetik gorako pertsonak. Halaber, elkarrizketak egin ziren kargu publikoekin, tokiko eragileekin, esku-hartze sozialeko taldearekin, Gaztelu emakumeen elkartearekin, gizarte hezitzailearekin eta euskara teknikariarekin. Azkenik, proposamenak jasotzeko, helbide elektroniko bat prestatu zen eta postontziak jarri ziren ibarreko herri guztietan.

Parte-hartzearen emaitzak, covid 19a gorabehera, oso onak izan ziren. Generoaren ikuspegitik parte-hartzea orekatua izan zen kopurutan. Haurrek eskola-ordutegiaren barruan parte hartu zuten, eta ekarpena oparoa egin. Balizko erabilerek hainbat nahi eta aukera zabaldu zituzten zenbait arlotan: aisia, kultura, ekonomia, zaintza, topatzea eta hezkuntza. Guztira, horiekin lotutako 179 proposamen jaso ziren.

Prozesuan proposamen hauek baloratu ziren gehien: Liburutegia eta Musika Eskola bertan jartzea eta zabaltzea, Kultur Zentro bat sortzea, Eguneko Zentro bat eta adinekoentzako egoitza bat irekitzea, gazteentzako guneak prestatzea eta enplegua sortzeko eta ekintzailetzarako espazioak sortzea.