Erronkariar
ospetsuak

Sebastian Julian Gaiarre Garjon

(Erronkari, 1844 – Madril, 1890)
Julian Gaiarre, Erronkariko seme kutuna eta ibarreko gizonik entzutetsuena, izen handiko tenorea izan zen.
Erronkarin jaio zen 1844an, nekazari familia xume batean. Txikitan artzain ibili ondoren, jaioterritik atera zen lan bila, Irunberrira lehenik eta Iruñera ondoren, Iruñeko Orfeoiarekin harremanetan jarriz.
Madrilen eta Milanen kantua ikasi eta gero, ibilbide bikaina egin zuen. Bere une gorena 1876ko urtarrilaren 2an iritsi zen, bere opera kutuna, “La Favorita”, Milango Scalan – kantuaren antzoki ospetsuena zena – interpretatu zuenean. Erronkariko divoak sekulako arrakasta lortu zuen inoizko entzule zorrotzenen aurrean. Ordutik aurrera, bere ospea zabaltzen joan zen garaiko munduko tenorerik onentzat hartzeraino. Europa eta Amerikako antzoki ezagunenetan abestu zuen, eta guztietan arrakasta lortu: Mosku, Viena, Milan, Buenos Aires, Londres, Madril, Erroman, Montecarlo, Lisboa… Eta bere garaiko konpositore onenen operak estreinatu zituen, Wagner edo Donizetirenak esaterako.
Hala ere, Gaiarre ez zen inoiz bere jaioterriaz ahaztu; bertan udak igaro ohi zituen. Herrian hainbat eraikin eraiki zituen (pilotalekua, eskola) eta Nabarzato ermita zaharberritzeko lanetan lagundu zuen.
1889ko abenduaren 8an bere ahotsa itzali zen Madrilen ematen ari zen kontzertu batean, eta 1890eko urtarrilaren 2an hil zen. Handik laster, bere gorpua Erronkariko hilerrian ehortzi zuten, segizio jendetsu eta sutsua lagun.

Pedro Vicente Ganbra

(Erronkari, 1749-1820)
Abeltzaina eta eskala handiko baso-ustiapenen aitzindaria ibarrean. Ibarreko kapitaina izan zen frantsesen aurkako Konbentzio Gerran, 1793an, eta Erronkaribarko eta inguruko ibarretako gudarosteak gidatu eta Frantziako armada Izaban sartzea eragotzi zuen.
Independentzia Gerran (1808-1814), Frantziako armadaren inbasioak kalte larria ekarri zien Ganbra familiaren interes ekonomikoei, ibarraren kapitulazioaren ondoren bere ondasunak (abelburuak eta egurra) etsaien hornikuntzaren zerbitzura geratu baitziren.

Fructuoso Orduna Lafuente

(Erronkari, 1893 – Madril, 1973)

Erronkarin jaio zen 1893ko urtarrilaren 23an. Txikitatik eskuekin lan egiteko zuen trebetasunagatik nabarmendu zen; horregatik, 1906an Zaragozara joan zen ikastera, marmol fabrika batean lehenik eta Dionisio Lasuen eskultorearen tailerrean ondoren.
Zaragozan Arte Industrialen Oinarrizko Eskolan eta Goi Eskolan ikasi zuen, eta 21 urte zituela Madrilera joan zen ikasten jarraitzeko. Bertan, Mariano Benlliure artistaren tailerrean lanean ari zen bitartean, Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen. 1917tik aurrera ibilbide zoragarri bati ekin zion: Nafarroako Foru Diputazioaren zenbait beka eta Arte Ederren Nazioarteko III. Erakustaldian (1920) eta Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan (1921) sariak lortu zituen. Azken honek ospe handia eman zion eta Espainiako eta Amerikako XX. mendeko eskultorerik onenetariko bat jo zen.
Madrilgo Arte Ederren Elkarteko ohorezko kide izendatu zuten, eta 1962an San Fernandoko Arte Ederren Akademiako kide bihurtu zen.
Ordunak egindako 125etik gora artelanetatik nabarmentzekoak dira Iruñeko La Taconera parkean dagoen Gaiarreren omenezko monumentua, Diputazioaren eraikinaren fatxadako eskultura multzoa eta Alfonso XIII. erregeren omenez Madrilen dagoen monumentua. Erronkarin Julian Gaiarreren brontzezko bustoa dago, 1953an herriko pilotalekuan inauguratu zena eta 2007az geroztik Museo-etxeko lorategian dagoena.

Sebastián de Albero

(Erronkari, 1722 – Madril, 1756)
Klabezin-jotzailea, Madrilgo Errege Kaperako lehen organo-jotzailea 1748 eta 1756 artean eta Fernando VI. erregeren ganbera-musikaria. 1734an Iruñeko Katedraleko haurren abesbatzan sartu zen, jada adinean aurrera zihoala, eta bertan egon zen 1739ra arte, katedraleko kapera-maisu Miguel Vallsekin eta bere ondorengo Andres de Escareguirekin bere ezagutzak handituz eta teklarako musikaren eta konposizioaren ikasketetan sakonduz.
Berak konposatutako klaberako hogeita hamar sonata kontserbatzen dira; horiek, teklarako hiruko lan batzuekin batera (recercata, fuga eta sonata), 1978an argitaratu ziren, Madrilen.